IDAZKI INFORMATIBOA

Guraso agurgarriak

Ikastolako langileok geure lana normaltasun osoz egiten ari bagara ere, kezka larri bat darabilgu buelta bueltaka buruan eta zuekin partekatu nahi dugu.

  • Sortu den egoera ez da inoren gustuko eta ez zen inoiz gertatu behar izan. Alde bi aurrez aurre ikastolan, biok ikastolarentzako onena nahi dugula esanez, baina bestearekiko mesfidantzaz, informazio ezaz eta errespetu faltaz. Ikastetxe batean zer irakatsi behar dugu, bada, pertsonen arteko gatazkak konpontzea ez bada? Adibide eskasa gabilzkio ematen Ikastolako komunitate osoari. Langileok egindako okerrengatik barkamena eskatzen dizuegu, gure asmoa eraikitzea baita, sekula ez arrangura sortzea. Ikastolak ez zuen hau merezi.
  • Izan ere, Larramendi Ikastolak oso ibilbide arrakastatsua egin du orain arte, urtetan lanean aritu diren guztiei esker: guraso, ikasle, irakasle, langile … Emaitza akademikoak punta-puntakoak izaten dira eta gazteak ondo prestatuta irteten dira ikastolatik mundura. Larramendi Ikastola erreferente bat da eskualde osoan, kokatuta dagoen paraje zoragarriagatik ez ezik, eskaintzen duen proiektu pedagogikoagatik ere. Azken urteotako matrikulazio datu bikainak dira horren adierazlerik egokienak.
  • Ikastola erakargarria da orain arte egin den lanari esker; honaino heltzeko ibili dugun bideak, beraz, bestelako errespetu bat beharko luke Kontseilu honen aldetik, hobetzeko moduko ikastola bat daukagulako, baina urrats sendoak ematen jarraitzeko, konfiantzan eta elkarlanean oinarritzeko eskatzen duena.
  • Kontseilu errektorea eta langile taldearen artean ez dago ez elkarrenganako konfiantzarik ez elkarrekiko komunikaziorik. Existituko ez bagina bezala egin du gurekin Kontseiluak, ahaztuz langileok garela ikastola egunero-egunero egiten dugunak, geu garela umeen zaintzaz, elikaduraz eta heziketaz arduratzen direnak, haien euskalduntasuna elikatzen dutenak, ingurugiroarekiko errespetua irakasten dietenak. Gurasoon aliaturik hurbilena gara zeuen seme-alaben heziketa prozesuan. Eta arrotzak bagina bezalaxe tratatu gaituzte. Mesedez, errespetu handiagoa, gero!
  • Hori eta gauza gehiago ere bagara ikastolako langileok eta ikastola oso gure sentitzen dugu. Eta hori apaltasun osoz esaten dugu, oso-osoaz. Gure beharra ere badelako, jakina; hala eta guztiz, lana baino askoz gehixeago da guretzat ikastola.
  • Ez gara botere-jabetzaz ari, ez da hori gure ardura, gurea jabetza sentimentala da. Ikastola geurea ere bada eta horrexegatik arduratzen gaitu honenbeste. Gutako askok urteak daroaguz berton lanean, zuotako askoren andereño edota maisu izanak gara; bueltan bazatozte, zerbait ondo egiten dugun seinale! Joan zinetenean, guk ikastolan segitu genuen. Seme-alabekin itzuli zaretenean, berton topatu gaituzue. Zuen seme-alabak joaten direnean, guk berton segituko dugu. Zelan ez da izango, bada, Ikastola, gurea zuena bezainbeste, gutxienez?
  • Baina geu ere ez gara lehengoak, ez. Ikastola garai berrietara egokituz joan da bere historia osoan zehar. Horretarako, langileok etengabeko prestakuntzan aritzen gara ikasturtez ikasturte eta berrikuntza teknologiko zein metodologikoak ezartzen ditugu. Talde pedagogikoaren eztabaida iraunkorrak markatzen ditu erritmoak, aztertzen ditu gaiak, ematen du iritzia eta hartzen ditu erabaki pedagogiko guztiak. Horixe da guk aspaldi martxan dugun berrikuntza pedagogikoetarako bidea. Eta bertan, ikastolako edozein partaideren iritziak dauka leku, betiere nork bere lekutik eraginez, errespetuz.
  • Ikastola hobetu nahi dugu denok. Egin dezagun, bada. Baina ez ahaztu, arren, gu lehendik ere ari ginela, egunero-egunero, Ikastola hobetu gurean; ez kezkatu, une nahasi hauetan ere, harridura eta samina nagusitu zaizkigularik, umeak eta euren heziketa prozesua ditugulako erdigune; eta ez ahaztu ere, arren, zuok joan eta gero ere, hemen segituko dugula lanean, hurbiltasunez, zintzotasunez eta begirunez lan egin nahi duen edozein kontseilu errektorerekin batera, horixe izan delako orain arte hain ondo funtzionatu duen eredua: gurasoak eta langileok bat eginda, helburu partekatuaz.
  • Ez da erraza, une honetan, konponbide onik topatzea. Ahalegindu gaitezen, sikiera, txarren arteko onenari eusten, denborak zauriak miazkatu bitartean. Eskatzen diogu Kontseilu errektore honi lekua uzteko beste guraso batzuei. Eskatzen diogu gurasoen batzarrari Ikastolaren alde urrats bat emateko eta kontseilu berria aukera dezala. Eskatzen diogu kontseilu berriari lan egin dezala alde biak berriz elkartzen laguntzeko, elkarrekin lan eginez Ikastola are hobea izango delako. Horra gure apustua.

ZENBAIT KONTU

    • Ez da egia Kontseiluak inolako hartu-eman positiborik izan duenik ez langile batzordearekin ez gainontzeko langileekin. Zoritxarrez, oso urrun gaude elkarrengandik.
    • Informatzeko gure modua kritikatu da, batez ere Kontseiluari helarazi genion azken idazkia dela-eta. Barkatzeko eskatu nahi dugu, ez da gure asmoa inor mintzea. Helburu bakarra gure iritzia jakinaraztea izan zen. Haserretu egin dira, ahoa zabaltzen dugun guztietan bezalaxe. Isilik geratzen garen guztietan bezalaxe. Egiten dugulako eta egiten ez dugulako. Honelaxe gaituzte azken hilabeteotan.
    • Langileekiko informazio batzarrak: tonu lehorra erabiliz, kudeaketa Errektore Kontseiluaren ardura dela eta gu langile hutsak baino ez garela azaldu zitzaigun. Ez daukagula zer esanik eta dagokiguna dela haien erabakiak onartzea eta kito. Hori aurretiaz ere jakin izan dugu, baina, benetan uste duzue ez daukagula zer esanik Ikastolan? Ez daukagula zer eskaintzerik? Hori al da Ikastolarentzat nahi duzuen eredua, egunero bertan lan egiten dugunoi jaramonik ez egitea?
    • Ez da erraza gure ikasleak motibatzea berritzearen kontra gaudela entzuten dugunean, Ikastola enpresa ikuspegi batetik ikusi behar dugula agintzen zaigunean, hezteko gure gaitasuna ere kolokan ipintzen dutenean …
    • Oso gogorra da egunero-egunero heltzen zaizkigun mezu iraingarriei aurre egitea, kanal ezegokien bidez zabaltzeaz gain, egileak anonimatotasunean ezkutatzen baitira, nahi dutena esanez, pertsonei min emanez …
    • Eta oso gogorra da, baita ere, ikustea zelan familia batzuek badaukaten eta euren erara erabiltzen duten gainontzeko familia eta langileontzat konfidentziala den informazioa. Nork ematen die informazio hori? Langileoi ukatzen zaigun berbera, konfidentziala delakoan, hain zuzen ere.
    • Langileak kontratatzeko irizpide berriak oso dira bitxiak: irakasleei lanean beharko ez duten prestakuntza eskatzen zaien bitartean (IT txartela Haur Eskolan, ingelesa Haur Hezkuntzan …), kudeatzaile berriari ez zaio eskatuko ez euskara maila ofizialik, ez ingelesik, ez informatikarik …, ez du ezta heziketa munduarekin harremanik izan behar ere. Nork zuzendu behar du, orduan, Ikastola? Abokatu batek? Ekonomialari batek? Irakasleok, zelan helarazi behar dizkiogu gure kezkak, eskola bat zer den jakitea eskatu ere egiten ez bazaio? Normala iruditzen zaizue?
  • Azkenik, Kontseilu Errektorearekin azaroko azken astean izandako batzarrean gorde genuen isiltasunaren zergatia azaldu nahi dizuegu. Irailetik ari gara langileok batzar bat eskatzen. Behin eta berriro ukatu zaigu eskubide hori eta orain, hile bi beranduago, heldu zaizkigu esanez etapaka banatuko gaituztela. Hori ikusita, entzutera joatea erabaki genuen, gero, bakoitzari esandakoak entzunda, jasotako informazioa baloratu eta geure iritzia emateko. Idazki honetan duzue gure isiltasunaren eta ezinegonaren azalpena. Izan bedi Ikastolaren faborerako.

Larramendi Ikastolako langileon batzarra

2015-12-01

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*