KONTSEILU ERREKTOREARI HELARAZI NAHI GENION ESKUTITZA

Langileok kontseilu errektoreari:

Ikastolan lanean hasi ginenetik, ikastola familia bat garela sentitu izan dugu beti, eta hauxe da, gure ustez, Larramendi ikastolaren esentzia. Familia honetan, guraso, langile eta ikasleak elkarrekin lanean ibili izan gara ikastola aurrera ateratzeko, baina azken hilabeteotan familia horren apurketa sentitu dugu, batasun hori hautsi duzuelako, beste familiako kide guztion gainetik jarriz, eta horrek tristura, inpotentzia eta, aldi berean, haserrea eragin dizkigu.

Ondoren adierazi nahi dizkizuegu sentimendu hauen eragileak:

  • Langileok zuekin hitz egin nahi izan dugun bakoitzean, ukatu egin diguzue aukera hori. Eta bide batez, esan behar dizuegu ez dugula ulertzen zergatik jartzen zareten harremanetan gurekin enpresa batzordearen bitartez, ez baita sindikatuei dagokien kontu bat. Talde bat gara, eta informazio zuzena nahiko genuke.
  • Eman zeniguten berba jan duzue, talde lana eta gardentasuna agindu zenizkiguten, eta konfiantzan oinarritutako lidergo baten beharra zabaldu zenuten. Non geratu dira berba horiek?
  • Berdin jokatu duzue Jagolaritza Batzordeak eskatu zizuenean eurekin hitz egiteko. Baita juntakide ohiekin ere. Azken eskariari ere muzin egin diozue. Horretan eskatu genizuen, mesedez, talde neutrala osa dezaketen hainbat partaiderekin biltzeko (zuok, gurasoak, juntakide ohiak, lehendakari ohiak, langileak eta gure zuzendari orokorra ere bai) guztion iritziak bateratuz eta bideratuz, konponbidea aurkitzeko asmotan. Baina berriro ere, ezetz esan duzue.
  • Orain arte, zuen erabakiak, usteak eta lan egiteko moduak baino ez ditugu entzun -eta ez era zuzenean, horrek sor ditzakeen txar ulertzeekin-, baina beste bertsioa ez dugu entzuterik izan, aukera hori ukatzen diguzuelako langileoi, bai eta ikastolako partaide diren beste kide guztiei ere.
  • Zuek agertu arte ikastolak funtzionatzen zuen. Zuek heldu eta dena egon da txarto eginda? Noren kexak entzun dituzue? Langileonak? Gurasoenak? Ikasleenak? Juntakide ohienak? Ikastolen Elkartearenak? Norenak? Gure ustez zeuenak, ez beste inorenak. Norabide bakarreko erabakiak baino ez dituzue errespetatu, goitik beherakoak. Hori ez doa legearen kontra, baina ez da giza legezkoa. Ikastola honetan bestelako balore batzuk irakatsi izan ditugu, orain arte behintzat.  
  • Kalte itzela jasaten ari da ikastola. Izan ere, urte askotan zehar, Larramendi ikastolako hainbat gurasok egindako lanari esker lortutako izen ona orain zalantzatan ipini duzue, erakusten ari zareten jarrerarekin. Eta, txarrena, oraindik ez dakigu zergatik ez eta noren izenean ari zareten ere. Argi baitaukagu ez zaretena gurasoen ordezkari lanetan ari, zeuen buruaren ordezkari baino ez zaretela. Ez duzue zeuen proiektua aurkeztu gurasoen aurrean eta ez diezue iritzia eskatu egiten ari zaretena egiteko.
  • Langileon profesionaltasuna ere ezbaian jarri duzue. Berrikuntzetan murgilduta gaude, etengabeko prestakuntzan, inoiz ez gara gelditu, ikasturte guztietan sartzen ditugu hobekuntzak, bai pedagogikoak bai teknologikoak; emaitzak aztertu eta ondorioetan oinarrituta ematen ditugu pausu berriak.
  • Aldaketez hitz egiten duzue. Zerbait aldatzeko, aztertu beharko litzateke egindakoa, baloratu, ondorioak atera eta, gero, hobetzeko bidean jarri. Zuen kasuan, baina, bidea alderantzizkoa da: inorekin berba egin barik, Ikastola zaharkituta dagoela erabaki duzue eta aldaketak behar dituela. Hori egia balitz ere, ez litzateke zuzenagoa izango protagonista direnekin berba egitea, azterketa serio eta zabala egitea, ondorio argiak ateratzea eta horretan oinarrituta, hurrengo urratsak egitea? Zer-nolako ikastola nahi duzue eraiki zuok bakarrik, langileokin ezertarako kontatu barik? Zer errealitateren gainean atera dituzue ondorio horiek denon arteko azterketarik egin gabe? Horren seguru zaudete zuen egia besteon egia baino egiazkoagoa denaz?
  • Frustrazio ikaragarria sentitzen dugu: hainbat proiektutan hutsuneak daude eta horrek eragin zuzena dauka kudeaketa orokorrean. Junta erdiarekin ari da “funtzionatzen” ikastola -7 lagunek dimititu baitute gaur egunera arte-, egoera jasanezina da. Langileok betiko lez ari gara lanean, baina ezin dugu burutik kendu gertatzen ari dena. Giro honetan, zelan egingo diogu aurre datorren ikasturteko Ibilaldiari?

Azkenik, proposamen argi bat egin nahi dizuegu: elkar gaitezen behingoz mahai baten bueltan Ikastola aurrera atera nahi dugun guztiok eta bila dezagun akordio eta irtenbiderik egokiena. Horretarako ere aukera ematen ez baduzue, utzi lekua kooperatibismoa bere sakontasunean ulertzen duten beste guraso batzuei, komunikazioa era zabalean ulertzen duten beste guraso batzuei, nagusikeriaz jokatuko ez duten beste guraso batzuei, Larramendi Ikastolaren izena garbitzeko prest dauden beste guraso batzuei. Langileok prest gaude gurasoekin batera lan egiteko, beti egon izan garen moduan, gure umeei heziketa proiekturik erakargarriena eskaini asmoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude