INFORMAZIO OHARRA

INFORMAZIO OHARRA

Herenegun -hilak 10- bilera bat egon zen Ikastolan, Kontseilu Errektoreak Ikastolako Enpresa Batzordea deitu zuelako. Langileon aldetik, Batzordeak hiru eskaera eroan zituen:

  1. Familiak informatu ahal izateko, gurasoen e-mailak erabili ahal izatea.
  2. Biltzar Nagusiko gai ordena optimizatzea.
  3. Langileok Biltzar Nagusira joan ahal izatea.

Kontseilu Errektorearen erantzunak:

  1. Datuen babeserako legea dela-eta, heziketara bideratutako mezuak baino ezin direla bidali Ikastolatik familietara.
  2. Gai ordena Kontseilu Errektoreak egiten duela eta hori ez dela langileon eskumena.
  3. Leku arazoak direla-eta, ez garela denok aretoan sartuko eta ordezkaritza bat bidali nahi izanez gero, pentsatuko dutela baimena eman ala ez.

Gure balorazioa:

1. Une honetan, Larramendi Ikastolako familientzat, zer-nolako informazioak dauka interes handiagoa? Txarriboda egingo dela? Ibilaldiko arropa salduko dela? Nafarroa Oinezera joateko autobusa antolatuko dela? Kontseilu Errektoreak langileokin egin behar zituen bileren egutegia familiei jakinarazteak? Ados gaude, informazio hori guztia zabaldu egin behar da, baina gai horiek LANGILEON IRITZIAk bezainbesteko lotura daukate heziketarekin, ez ala? Ezein bazkidek ez luke zertan informatua izateko arazorik ipini, gaia denoi dagokigu-eta. Hala eta guztiz, ez irakurtzeko aukera ere izango luke. Beraz, non dago arazoa? Informatzeko eskubidea murriztu zaigu eta gero, batzuei, ez zaie gustatzen autobus geltokietara joaten bagara gurasoei informazioa zuzenean ematera, aurre egiten digute eta familiei gure informazioa ez jasotzeko esaten diete, jarrera oldarkorraz. Informazio kontrastearen beldur, ala? Zer egin behar dugu, bada? Isildu? Larramendi Ikastolako langileak gara, irakasleak, sukaldariak, administrariak, mantenukoak …, ez gara arrotzak, ezagutzen gaituzue, sekula ez dugu ezer egingo Ikastolaren kontra, mesedez eta faborez, utziozue gu deabrutzeari …!!!

2. Biltzarrean, lehenengo, Kontseiluaren jarraipena bozkatuko da eta berresten bada, gaur egunera arte 7 dimisio izanda jarduten ari den Kontseilua osatzeko, kontseilu-kide berriak aukeratuko dira. Eta berresten ez bada? Kasu horretan, ez dakigu zein puntutara pasatuko garen. Hala eta guztiz ere, hiru puntu geroago, Kontseiluaren jarraipena bozkatuko da berriro eta, berresten ez bada, Kontseilu berrirako kontseilu-kide berriak aukeratu beharko dira. Gure proposamena puntu horiek batera tratatzea izan da, bazkideekiko koherentzia eta errespetuagatik. A ze nolako Biltzarra eskainiko zaien gurasoei! Ala helburua batzarra luzatzea da, jendea gogaitu eta alde egiteko, horrela bozketa irabazi ahal izateko? Tristea litzateke hain gatazka larria konpontzeko, bideak ipini eta batasuna bilatu beharrean, bozketa bidez ebatsi nahi izatea.

3. Biltzarrera joateko langileon interesak Ikastolak noraino kezkatzen gaituen adierazten du. Gure ardurak ez dira soldata igoera, lan baldintza hobeak …, ez, gu kezkatzen gaituena da zelan lotuko ote den Ikastola nahaspila honen ostean, zelako giroa eta zelako lan-harremanak izango ditugun agintari berriekin, zer-nolako proiektu pedagogiko garatu ahal izango dugun zuen seme-alabekin … Ulertu ahal dugu leku arazoak egotea, baina alde bik ezin dute gatazka bat inoiz konpondu, bakar baten ahotsa entzuten bada soilik. Zeren eta badirudien ahaztu egin zaiela Ikastola guk geuk egiten dugula egunero. Ikusita ze tonutan egiten diguten berba -dena da agindu lehorra, dena da “atzoko” …-, beldur gara geletan ere ez ote diren sartuko, eskolak zelan eman behar ditugun esatera. Espioitza lana ere egiten digute, ahaztuz Ikastolan elkartzen bagara, lankideak garelako ere badela eta elkarren beharra dugulako. Lan giro egoki eta atsegin batetik, non emaitza akademiko bikainak lortzen aritu garen, non matrikulazio datu ezin hobeak edukitzen aritu garen, non Bizkaiko ikastolen eredu izan garen, non, hobetzeko asko dagoelarik, funtsezko ezer ez dagoen hain premia larriz aldatu beharrekoa …, irakaskuntzarako giro desegoki, desorekatzaile, zakar batera pasatu gara, non langileok noraezean sentitzen garen, baztertuak, ez errespetatuak, non ikasturtea zelan amaituko ote dugun ez dakigun, non Bizkaia mailako ikastolen kezka iturri bihurtu garen, non inolako marko pedagogikorik ez duten proiektu-zirriborroak ezarri nahi dituzten, ezjakinen aldetik eta kosta ahala kosta, Ikastola auskalo nora eroango dutenak … Guk konfiantzan oinarritutako lankidetzaren alde egiten dugu, non familiak eta langileak batera ibiliko garen, helburu komunak oinarri. Hobetu dezagun hobetzeko dagoena. Beste estilo batez.

Larramendi Ikastolako langileen batzarra

Mungian, 2015eko abenduaren 12an

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude