BAZKIDE GUZTIEI ZUZENDURIKO IDATZIA

1.- Kontseilu Errektoreak langile bat kaleratzeko asmoa izatea (azkenean kargu-uztea izan zena), ez da nahikoa.

2.- Kontseiluko kide batzuek aipaturiko langilearekiko lan jazarpena egin izanaren zantzuak egotea (beste kideen konplizitatearekin, bai isilik geratu zirelako, bai ez-jakinarena egin zutelako), ez da nahikoa.

3.- Kontseilu Errektoreko zazpi kidek hain denbora laburrean dimisioa aurkeztea, ez da nahikoa.

4.- Ikastolako langileen gehiengoak Kontseilu Errektoreari eskatzea beste bazkide batzuei utz diezaietela lekua, ez da nahikoa.

5.- Kontseilu Errektoreak bazkideei hamahiru kontutan gezurra esatea, gezur horiek frogatzen dituzten hamahiru agiri aurkeztea, eta Kontseilu Errektoreak froga horiek ez ezeztatzea (inplizituki egiazkotzat hartuz), ez da nahikoa.

6.- Kontseilu Errektoreak Ikastolak eduki duen abokatua kaleratzea eta Lamikiz (jarduera profesional eztabaidagarria daukan abokatua) kontratatzea, ez da nahikoa.

7.- Kontseilu Errektoreak bazkideen adimena iraintzea eta irakasleon lana mesprezatzea ikasleek ateratzen dituzten emaitza onak (hautaprobetan, PISAkoan…) ”inertziaz” lortzen direla esanez, ez da nahikoa.

8.- Kontseilu Errektoreko kide batzuek ikastolako langile eta irakasleon izena zikintzea herri mailan, ez da nahikoa.

9.- Kontseilu Errektoreak herrian zabaltzea aurreko Kontseilu Errektoreek egindako kontratazioak kutunkeriaz egin omen zirela, frogatuta dagoenean eurak egon zirela batzorde horietan eta beraz, eurak ere arduradunak izan zirela, ez da nahikoa.

10.- Kontseilu Errektoreak behin eta berriro errepikatzea langileoi (guztiz barneratuta eduki arte ez garela ezeren partaide) eurak direla ikastolan agintzen dutenak, ez da nahikoa.

11.- Kontseilu Errektoreak langileoi agirika egitea eurekin harremanetan jartzeko e-mailak edo posta-helbideak erabiltzeagatik, eurek “legearen kontrako” omen den hori egin dutenean gutariko batzuekin kontaktuan jartzeko, ez da nahikoa.

12.- Kontseilu Errektoreko lehendakariak langileok “ezkutuko greba” egiten ari garela esatea, agirikoa izan arren egunero (edozein delarik gure egoera) gure ardurak betetzen ditugula ikasle, guraso, lankide eta juntakideen aurrean, ez da nahikoa.

13.- Kontseilu Errektorea berretsi zen batzarrean egon ziren irregulartasunen ondorioz batzar hori inpugnatuta egotea (juntakide bakoitzak emandako botoengatik eta eurek eramandako ordezkatutako botoengatik ozta-ozta berretsi zen), ez da nahikoa.

14.- Ikastolako langile batek Ikastolari demanda bat jartzea, honek ez zuelako bete langilearen kontratuak agintzen zuena (azkenean beste lanpostu bat eman behar izan zioten epaiketa eta kalte-ordainketak ekiditeko), ez da nahikoa.

15.- Langile baten eta bere ezkontidearen babespeko banku-datuetan sartzea, ez da nahikoa.

16.- Kontseilu Errektoreko hiru kidek euren seme-alabentzako aurre-matrikula egitea beste ikastetxe batzuetan, eta euretariko batek bere seme-alabak ikastolatik ateratzeko asmoa izatea, ez da nahikoa.

17.- Kudeatzaile berriak hilabete baten ondoren dimisioa aurkeztea, ez da nahikoa.

18.- Orain arte egon diren dimisioen arrazoi ofizialak eta ez ofizialak bat ez etortzea, edo isilaraztea konfidentzialtasun-klausula dela medio, ez da nahikoa.

19.- Ikastola kudeatzaile barik egotea ia ikasturte osoan, ez da nahikoa.

20.- Langileok Global 2020 proiektua zertan datzan ez jakitea horri buruzko informazioa emateko batzartu gintuzten arren, ez da nahikoa.

21.- Kudeatzaile falta horrek Haur Eskolan hainbat arazo sortaraztea (ikastolakoak ez diren langileak kontratatzea sukaldeko eta garbiketako lanak burutzeko, edota lan-poltsaren eskaintza berandu egin izanak bertako langileen gainkarga eragitea), ez da nahikoa.

22.- Gerenterik ez egotean Heziketa Bereziko langileen postuak (P.T. eta auxiliarrak) ez bermatzea, ez dutelako postu horiek defendatzeko ahaleginik egiten, ez da nahikoa.

23.- Bi urteko umeek egin behar duten moldatze-aldia berandutu izatea aurreikuspenak ez direlako era egokian egin, ez da nahikoa.

24.- Kontseilu Errektoreko kide batzuen eta euren inguruko guraso batzuen jarrerak, gure eguneroko lana eta ikastolaren funtzionamendua baldintzatu nahi izatea euren etxeko berezitasunen mesederako eta familia eredugarri askoren kalterako, ez da nahikoa.

25.- Kontseilu Errektorearen jarrerak eraginda irakasleon aginpidea gela barruan ere murriztuta egotea, ikasle batzuek (etxean entzundakoa imitatuz) muzin egiten dietelako irakasleon erabaki edota jokaerei, ez da nahikoa.

26.- Kontseilu Errektoreak irakasle bat derrigortzea bere errudun-aitorpena sinatzera (ikasle batzuei egindako ustezko hutsegite iraingarriarengatik), bere bertsioa entzun barik eta Sindikatuko ordezkariei ezer esan barik, ez da nahikoa.

27.- Jantokiko beharginak lanaz lepo egotea, ematen dizkieten aginduak ez etortzea bat jantokiaren eguneroko errealitatearekin, lan egiteari uko egin izana gezurtatu behar izatea eta egin izan dituzten lan batzuengatik ezer ez kobratzea, ez da nahikoa.

28.- Kontseilu Errektoreak baserriko langileei ez esatea ezer egin diren kontratazioez, autobusen eta arriskuak prebenitzeko kudeaketez, edota eskola-ordutegian egin behar diren lanei buruz (jakin arren komunikazio falta horrek atzerapenak eta egoera estu eta arriskutsuak eragingo dituela), ez da nahikoa.

29.- Kontseilu Errektoreak langileen erretiroak eta kontratazio berriak ez gestionatzea behar bezala (kudeaketa desegokiagatik edota estrategia hutsagatik), ez da nahikoa.

30.- Kontseilu Errektoreak legediari muzin egitea berak bakarrik kudeatzeko kontratazio berriak (nahiz eta legeak agintzen duen gurasoez eta langileez osatutako talde batek bete behar duela ardura hori), ez da nahikoa.

31.- Kontseilu Errektoreak uko egitea (estatutuek horrela diotelako) Ikastolaren historian beti izan den bezala langileen ordezkari batek Kontseiluan parte hartzeko eskubideari, nahiz eta Enpresa Batzordekoak behin eta berriro eskatu, ez da nahikoa.

32.- Kontseilu Errektoreak sei astez luzatzea Enpresa Batzordeak eskatutako batzartzeko eguna, eta egindako eskarien aurrean erantzunik ez ematea, ez da nahikoa.

33.- Ibilaldirako lelo eta logoaren aukeraketan plagio-salaketak eta erabaki eztabaidagarriak egotea, ez da nahikoa.

34.- Goi-mailetatik ikastolan gertatzen ari dena ez zabaltzeko eskatzea, Ibilaldia ospatu beharreko aitzakia erabiliz, ez da nahikoa.

35.- Irakasleen gehiengoak Ibilaldiaren prestakuntzetan ez laguntzeko erabakia era pertsonalean hartzea eta tristeziaz gogoratzea 1998an ospatu zen Ibilaldian guztiok parte hartu genuela gogotsu eta pozik, ez da nahikoa.

36.- Matrikulazioen kopurua era nabarmenean jaistea, ez da nahikoa.

37.- Kontseilu Errektoreak matrikulazio kopuruaren jaitsieraren ondorioz galduko diren lanpostuen aurrean ezer ez erabakitzea, ez da nahikoa.

38.- Kontseilu Errektoreak matrikulazio kopuruaren jaitsieraren errudunetako bat blog hau dela esatea, eta ondorioz zarratzeko eskatzea, ez da nahikoa.

39.- Jasandako presioaren ondorioz inoiz baino baja gehiago egotea langileen artean, ez da nahikoa.

40.- Hainbat familiak euren seme-alabak ikastolatik ateratzeko erabakia hartzea, ez da nahikoa.

41.- Egoera honek guztiak familia, lagun eta herritarren arteko harremanetan zauri bat zabaltzea, ez da nahikoa.

NOIZ IZANGO DA NAHIKOA?

Ikastolako langileen gehiengoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*