IKASTOLEN ELKARTEAK ESANDAKOAREN HARIRA

Ikastolen Elkartearen lehendakariari:

2016ko abenduaren 30ean Ikastolen Elkartearen Artezkaritza Batzordearen izenean zerorrek sinatutako komunikatuari dagokionez eta, hain zuzen ere, Lan Ikuskaritzan ezarritako lan jazarpenari buruzko salaketari dagokionez, zera adierazi nahi dugu:

  • Ezin dugula onartu ezelango komunikazio edo informazioren manipulaziorik.
  • Ezin dugula ulertu ezagutzen ez dituzun gertaera batzuk ziurtzat jo izana, salatuak izan direnen bertsioa baino ez baituzu ezagutzen, salaketa jarri dutenen bertsioa jakin barik zein den.

Pentsatu nahi dugu ez dituzula datu hauek ezagutzen:

  • Langileek ez dutela ezkutuan eman komunikabideetan atera den informazioa; izan ere, lan jazarpenaren arazoa Lan Ikuskaritzan konpontzeko aholkua eman zigun gure abokatuak eta bat gatoz berarekin.
  • Salatu egin diren etengabeko erasoak, agerikoak eta nabariak izan direla eta Larramendi ikastola zuzentzen duten Artezkaritza batzordeak eta Zuzendari Orokorrak burutu dituztela, eta eraso horien berri bai langileen ordezkariek bai Kooperatibaren Asanbladak izan dutela.

Egia ere bada Ikastolen Hitzarmenak baduela lan jazarpenari aurre egiteko protokoloa, zeinek edozein gizakik begirunezko tratua izateko,  duintasuna eta segurtasun morala babestuta edukitzeko eta baztertua ez izateko eskubidea daukala esaten duen. Era berean, protokolo horrek onartu egiten du, alde batetik, erasotzeko modu guztiek berdintasunezko jokaerak eta langilearen duintasuna iraintzen dituztela eta, bestetik, edozein eraso onartu eta jasango ez den hutsegite larria dela. Hitzarmeneko artikulu horretan islatzen da, hain zuzen ere, langile bi horiek pairatu behar izan dutena. Hala ere, zoritxarrez, Ikastolako langile horien erasotzaile guztiak ez dira bertako langileak. Bestalde, gogorarazi behar dizugu artikuluaren amaieran jartzen duena: “Prozedura honek (protokoloarenak) ez du eragozten erasoa jasan duenak bide administratiboak edota judizialak erabiltzea”.

  • Iñaki Piñuel y Zabala irakasle eta psikologoak egindako txosten bat daukagula. Bertan ezin argiago ikusten da berak buruturiko froga objektiboen bitartez eta 85 langilek emandako babesaren bidez, egon badagoela salatzaileek pairatutako lan jazarpen psikologikoa, baita erasoen kausa-ondorioen arteko loturak ere.
  • Lan jazarpena hasi zenetik, ez dela egon eragindako kaltea arindu zezakeen jazarpenaren kontrako neurri psikosozialik.

Adierazitako guztia dela medio, zera eskatu nahi dizugu:

  • Ikastolako langile bik pairaturiko erasoen aurrean jarritako salaketari buruzko edozein komunikatu egin baino lehen, salaketa hori jarri dutenen informazioarekin egiaztatzeko, eta ez salatuak izan direnen informazioarekin soilik.
  • Komunikatuan salatuak izan direnen bertsioa baino ez zenuenez adierazi, salaketa jarri dutenen bertsioaren informazioa ere beste komunikatu baten bitartez emateko.

Ikastolan arrisku psikosozialei aurrea hartzeko neurririk ez dagoenez, premiazko irtenbideak bultza ditzazula, zure eskumenekoa ez izan arren. Badakigu zuri ez dagokizula era zuzenean hori egitea; hala ere, Larramendi ikastolan beharrezkoak diren neurriak har ditzaten eska dezakezu. Modu horretan, salaketa jarri dutenen mesederako izango ez badira ere (kaltea eginda baitago), beste kasu batzuk ekidin ahal izango dituzu.

 

LARRAMENDI IKASTOLAKO  87 LANGILE

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude